Jon Barberena gogoan Bergaran

Bergaran egonik, Bergarako Iñaki Ugarteburu zenaren hitzak hasteko:

“Testu edo idazlan perfektua idazterik ez dago, perfekzio bera ideal hutsa delako. Idazleak bere buruarekin negoziatu behar du idazlana, itzultzaileak idazlearekin, zuzentzaileak egilearekin.”

Iñaki Igarteburu duela hamar urte hil zen, berrogeita hemezortzi urte baino ez zituela. Berak zioenez, idazleak bere buruarekin negoziatu behar du idazlana, itzultzaileak idazlearekin, zuzentzaileak egilearekin. Eta olerkariak? Norekin negoziatu behar du olerkariak? Joan Margarit katalanak dio poesia literaturarekin baino musikarekin behar dela lotu… Poesia horixe baita, musikaren eta literaturaren arteko hibridazioa… Poetak orduan, isiltasunarekin beharko du negoziatu. Norekin, isiltasun andereakin ez bada?

Jon Barberenaren olerki bat, Neguko-Gaba liburutik aterea:

“Negua isiltasuna da,

gaua isiltasunaren isilunea.

Gorde hitz antzuak beste baterako.

Ez esan ezer,

eta hiztegietako hitz potoloenak

zintzurrean trabatu

edo kontrako eztarritik

sartzen bazaizkizu,

trankil hartu, salbu zaude,

isiltasunak badu Heimlich-en  maniobraren berri.”

 

Finean, zer da poesia, isilune andana bat, egoki txertaturiko isiluneak baino ez. Padaxokikoa bada ere, Jonen poemak errezitatzean, isiltasunaren apologia egiten dugu.

Neguko Gaba-n, haren olerki hau ere

“Isiluneak ere

iradokitzaileak dira,

isiltasunaren itzala

garrasika mintzo baitzaigu.”

 

Isiltasunaren apologia berriz ere. Isil nadin, beraz. Izan ere “isiltasunaren itzala

garrasika mintzo baitzaigu”; Isiltasun anderearen eleak.

Josu Jimenez Maia

  • Avda. Barañain, 10 - 1ºA 31008 Pamplona 948275302 ateneo@ateneonavarro.es